Zeppelinek, soinuak eta musikak gizartearen kontrolerako erabiltzen diren mekanismoengan duten eraginari buruz gogoeta egin nahi du. Ekintza baimenduen eta baimenik gabekoen arteko mugen adierazleak ikustezinak dira, baina ez horregatik entzunezinak. Gizartea soinu-seinalez beterik dago, eta ikusgai egon baino askoz ere lehenago, mugak ezartzen dituzte, muga konszienteak bihurtzen diren arte. Beste garai batzuetan, maitagarrien ipuinetako estrukturetan ezkutaturik egon arren, gaur egun hierarkiaren irudikariek euren garapenerako ezinbestekoak diren tresnen konplexutasunean erdi gorderik dauden demokratizazio prozesuei egiten diete eraso: komunikabideei.




JOSÉ MANUEL BERENGUER: ON NOTHING

2006.05.06
| 12:00 | Erakusketa aretoa Bastero Kultur Gunea

Lau bozgorailurentzako prestatutako musika elektroakustikoa, momentuan sortua eta 3D proiekzioekin lagundua.


CARLOS GÓMEZ: MAGDALENA MEDIO

2006.05.27 | 18:00 | Ekitaldi aretoa Bastero Kultur Gunea

Bost bozgorailurentzako kontzertua, Kolonbian, Magdalena ibaian, egindako landa-grabaketetan oinarritua eta zuzenean moldatutako espazializazioarekin.

 

 

 

MUSIKEN BEHATOKIA

Soinu-paisaiak, 8 bozgorailuentzako bereziki konposatuak

Lanen egileak Simon Frazer University: Darren Copeland, Peter Manning, Ben Wilson, Barry Truax, Hildegard Westerkamp, John Levack Drever, Ray Gallon, Jon Christopher Nelson y Gabriele Proy.

 

 

KONTROLAREN AKUSTIKAK

Zeppelin 2005eko "Kontrolaren akustikak" deialdian, 5.1 mailan (Surround) aukeratutako lanen aurkezpena da honakoa.

Lanen egileak: Mario Asef eta YoMango - Jordi Casadevall - Pablo De Soto eta Manu Molina - Paul Devens - Daniel Iglesia - Felipe Otondo - Alejandro Quinteros - Sumugan Sivanesan

 

ZERUA, INGURU ORO

AURKEZPENA

" " Neure buruari galdetu izan diot hunkipen estetikoaren goreneko moduak ez ote diren besterik gabe, sortutakoaren gaineko erabateko ulerpenak. Egunen batean gizakiak kaltzedonien begietan, falenaren azal leunean, alfabeto bat aurkituko du, eta orduan harriduraz jakingo dugu, zikindutako barraskilo oro, betidanik izan zela poema."

Alejo Carpentier


... Los pasos perdidos eleberriko pasarte eder honekin aurkeztu genuen 1999. urtean, En red O Musika Elektronikoaren simposiumaren 7. edizioaren katalogo moduan egindako argitalpena; jaialdia soinu-paisaiei eskainita zegoen. 2002ko udan Zerua, inguru oro egitasmoarekin hasi nintzen lanean.
Soinu-paisaiekin interesa zuten edo hauekin lan egiten zuten adiskide zenbait eurentzat nolabait deigarria zen zeruaren zati bat bideoz grabatzera gonbidatu nituen, beti ere arreta soinu-paisaian jarriz.
Azken batean, zeruari begira entzunaldi une bat proposatzea zen nere asmoa. Dokumentu bikain hauen lehen bilduma Zeppelin 2004ko edizioan aurkeztu genuen; parte hartzera gonbidatutako adiskideek enkargua “hitzez hitz” bete zuten.

Mila esker denei. Zeruko hutsunera jauzi egin zutenei eta zerua eraiki edo partekatzeko adaxka bati edo bandera bati heltzeko beharra izan zutenei. Egitasmo hau gaur egun zeru bortitzen eta basatienpean bizi diren guztiei eskaintzen diegu.Carlos Gómez / Orquesta del caos



Lanen egileak:
Alexandra Gardner + Sesh Kannan, Justin Bennet, Jorge Laferla, Juan Carlos de la Parra, Robert Iolini, Andres Burbano, Javier García, Xavi Hurtado y Leonel Duarte.

 

 


 

KONTROLAREN AKUSTIKAK

Sonoscop-ek kontrolaren akustikekin erlazio desberdinak dituzten hainbat soinuren bilduma aurkezten du. Materiala hainbat eta hainbat iturri mediatikotik eskuratu, topatu, aurkitu, lur azpitik atera, kopiatu, grabatu edo deskargatua izan da.

Aukeraketa hau eraldatu gabeko materialen lagin taxonomikoa da. Alegia, aurkitu genuenean bezalaxe dago gaur egun. Baina bildumak, bere osotasunean erakusterakoan, soinuek gure bizitzetan eta honen egoera desberdinetan duten eragina eta ezartzen duten kontrolerako moduen atal zenbait erakusten eta azpimarratzen ditu.

Soinu-material bakoitza gizartearen kontrolean erabilgarri diren beste mekanismoekin batera dago aurkezturik, sinestezina badirudi ere, batzuetan ez bait gara jabetzen inguruan ditugunik.

Aukeraketa itxiak edo zorrotzak ez diren mailatan banatuta dago; azken batean, gure irizpidearen arabera sailkaturik daude, eta kontrolerako mekanismoak agerian uzteko helburuarekin eta intuizioz eta modu atseginean kontsultatu ahal izateko ideiarekin hartu dira sailkapen erabakiak.
Besteak beste, munduko bazter askotako FM irrati emisioak grabatu ditugu, eta hauetako bakoitzean, lokuzioak, intonazioak, erritmoak, publizitateak eta beste hainbat eragilek betetzen duten kontrolerako funtzioa nabarmendu nahi dugu. Bildu ditugun ehunka audio-artxibotan publizitateko jingleak eta esloganak, kortinillak, irrati programetako iragarki laburrak, munduko bazter askotako berrien aurkezpenak daude eta harrigarriak dira denen artean dauden antzekotasunak: erritmoa, egitura, emisora bakoitzak orduaren berri emateko modua, eta abar.

Era berean, ereserkiak, abertzaletasuna edo gizarte talde baten partaide izatea bezalako sentimenduak goraipatzeko pentsatutako abestiak, kontrolerako soinu bezala ulertu nahi izan ditugu horren gainean gogoeta egiteko. 224 herrialdetako ereserkiak biltzen ditu gure bildumak, eta militarren uniformeekin gertatzen den bezalaxe, gai honetan ere aurki daiteken eredu eurozentrista agerian uzten du, ereserkien gehiengo zabal batek, nahiz aski leku desberdinetan kokaturiko herrialdetakoak izan, XIX. Mendeko europar eredua jarraitzen bait du.

Hauez gain, erlijioarekin eta kultura desberdinen alderdi espiritualekin lotutako hainbat soinu bildu dugu: Katolizismoaren liturgia kantuetatik Ekuatoreko Amazonian ayahuascarekin egiten diren Shuar zeremonietara; Hawaiiko emankortasun kantuetatik Indiako Mantra eta Stotretara, juduen liturgia musika (Chazzanut) ahantzi gabe.

Honako hau aurten Sonoscopeko kontsulta lekuan erakutsi dugun materialaren zati txiki bat besterik ez da, bilduma osoak beste era askotako grabazioak ere baititu: polizien irrati frekuentzien hotsak, aireportuetako kontrol dorreen mezuak, gatazka garaietako transmisio zifratuak, morse kodez bidalitako mezuak, autolaguntza eta erlaxaziorako audio-liburuak, bideojokuen soinuak, telefono deiak, telefono mugikorren doinuak, alarmak, banda militarren protokoloak, txilibitu bidezko itsasoko deiak eta beste hainbat soinu.

 

 

ENTZULEA BAHITURIK

Kolonbian bahiketen arazoaren inguruan egiten diren irrati-transmisioen soinu-artxibo bat (biltegia) sortzeko proiektua da hau. Aipatu artxiboa SONOSCOP*en parte izango da eta zuzenean entzun ahal da jaialdianl.
* Proiektu hau Kolonbiako Radiodifusora Nacionalen laguntzari esker gauzatu ahal izan da.

Irratiaren estetika eta tentsioa_ Soinu artxiboek belarriak, espazioak, ibilbideak, paisaiak, arrazoiak… ireki edo ixten dituzte. Soinuak, ahotsak, entzumenaren prozesu aktiboaren bila airera jaurtikitako manifestazioak dira. Irratiak, sistema tekniko eta estetiko moduan, gizarteak informazioarekin, errealitatearekin eta sentimenduekin dituen harremanei buruzko hainbat galdera erakusten ditu.
Komunikabideek, kasu honetan irratiak, garrantzi handiko papera betetzen du bizi dugun mundu garaikideko gatazketan eta akordioetan. Gaur egun ia pentsaezina da gizakiak gatazka edo akordio prozedurarik gauzatu ahal izatea komunikabideekin kontatu gabe.

Hala eta guztiz ere, aztertu, esperimentatu eta denon artean lantzeko proposatu dugun Kasu berezi honetan, irratiak, telefoniaren edo beste komunikabide fisiko edo elektromagnetikoen moduan izanik ere, orain arte izan ez duen funtzioa betetzen du. Hain zuzen, Kolonbian irrati bidez gauzatzen ari diren ekimenez jardungo dugu, bahitutakoen senideek bide hori aukeratu baitute mezuak lau haizetara barreiatzeko, bahituta daudenek, dauden lekuan daudela, entzun ahal izan ditzaten.

(Andrés Burbanok Sonoscop-entzat egina, María Vargasen eta Viviana Esguerraren laguntzarekin)

 

 

GORROTOAREN IRRATIAK

Rwanda 1994: hainbat argi, hamaika itzal

Rwanda, Afrikako bihotzean kokatuta dagoen herrialde txikiaren izena entzuten dugunean, denoi datorkigu gogora 1994ko apirilean, eta aste gutxi batzuetan, milioi bat biktima inguru eragin zituen hilketa basatia. Gatazka hau, genozidio bezala ulertu zen, beranduago frogatu ahal izan zenez, Rwandako populazioaren %14a osatzen zuten Tutsiak desagerrarazteko helburuarekin (edo, gutxienez, ahalik eta gehienak hiltzeko) eragin baitzen. Aipatu behar da, gainera, hildakoen artean, beste etnia bateko kide asko ere bazirela, herrialdean gehiengoa ziren Hutu-ak, alegia: Bereziki sarraski planen aurka zeudenak, erasotzaile eta biktimen artean jarri zirenak edo gobernuan zegoen alderdiari oposizioa egin zezaketenak izan ziren desagertu zirenak..

( Enric Berenguer)

 

 

SEINALEEN ETA MATERIAREN ARTEAN
Soinuaren joan-etorri bidaiak

Hiru eratako laginek osatzen dute bilduma hau: irrati hedapenerako bereziki pentsatutako artelanak, irratiko mikrouhinen espektrotik soinuaren esparru mekanikora eramandako seinaleen ondorioz lortzen diren soinuekin egindako artelanak, eta, azkenik, zeruko hainbat gorputzek eta fenomeno atmosferikok espektro elektromagnetikoan sortutako eraginetan oinarritutako ikerketa astronomikoek erakusten dituzten soinuen adibideak: lurreko eremu magnetikoek argi-energiarekin topo egiterakoan sorten dituzten soinuak, lurrikaren adierazle izan daitezkeen mugimendu geologikoen zarata seinaleak baita intsektuen hegalen mugimenduek eragindako eremu elektriko txikiek eragiten dituzten jarduera elektromagnetikoak. Soinu hauek guztiak sonifikazio izenez ezagutzen den alor metodologiko berriaren erakusgarritzat jo daitezke.

Irrati uhinen espektroari buruzko sarrera

Seinale elektromagnetikoen atal garrantzitsua da irrati bidezko seinaleena. Ionosferan islatzen dira, eta munduko leku urrunen arteko komunikazioa ahalbidetzen dute.

Soinu-artea eta espektro elektromagnetikoa
Tradizionalki irratiari estuki lotutako soinu sorkuntzak, askotan erabili ditu seinale elektromagnetikoak iturri gisara. Beste batzuetan, zuzenean haietaz elikatzen da soinuak sortzeko.

Dokumentu bereziak
Soinu itxura duten seinale elektromagnetikoen bilketa lanak. Horretarako, askotan bildumen egileek bereziki sortutako tramankuluak erabiltzen dira.

Frekuentzia baxuko eta oso baxuko seinaleak (VLF eta ELF)
Lur-gaineko ekaitz elektrikoak, baita eguzki sistemako beste planeta batzuetakoak ere : Jupiter eta Saturno, adibidez; lurrikarak; eguzki haizea planetaren bateko eremu magnetikoarekin moteltzen denean; eguzkiaren jarduera; pulsarrak eta beste hainbat fenomeno, ia denak naturarenak. Horiek guztiek soinu bihur daitezkeen seinale elektromagnetikoak eragiten dituzte.

 

 

AKORDIOAZ ETA GATAZKAZ

Zeppelinek soinuaren bidez eragiten diren gizartearen kontrolerako egoerekin lotura estua duten soinu-dokumentuei arreta eskaini nahi die. Soinua edozein espaziotan gertatzen den ia ekitaldi ororen lekukoa da. Horien artean, gizartearen kontrolarekin lotuak dauden gizakiaren ekintza askorekin egin dugu topo, eta batez ere, hainbatetan ekintza hauen oinarrizko komunikabidea den soinu berarekin. Alarmak, telefonoak, autoen klaxonak, bulldozerren soinu adierazleak, telebista eta irrati aparailuak… horiek denek bortizkeriaren sinonimo bihur daiteken gizarte-kontrola eragiten dute. Hauek ez dira, ordea, bortizkeria akustikoa sortzen eta eragiten duten soinu bakarrak. Edozein zarata ozen ere halakoa izan daiteke, baita zubi akustikoen bidez edota zuzenean, irekita dauden leihoetatik ateratzen den auzokoen edozein zarata edo musika ere. Hirietan jendearen loaldiak baldintzatzen dituzten etengabeko soinuen joan-etorriak, kanpaiek, guardien txilibituek, baita hurbil egon daitekeen kuartel militar bateko korneta-hotsek edo danbor tarrapatek ere aipatu bortizkeria eta gizartearen kontrola eragiten dute. Ahantzi edo baztertu ezin diren oso muturreko kasuetan kontrola eta bortizkeria lehergailuen eta suzko armen tiroen bidez eragin daiteke.

Zeppelin jaialdiak mundu osoko musikariak, artistak eta orokorrean soinu sorkuntzan interesa duen edonor, soinu-pieza elektronikoak edo elektroakustikoak sortzera animatu ditu, beti ere emaitzak bozgorailuen bidez hedatuko direla kontutan hartuz eta gizartea kontrolatzeko orduan soinuak duen garrantzia azpimarratuz.

Pieza hauek gutxienez jarraian zehaztuko ditugun entzuteko hiru sistema ereduren batekin -ezaugarri eta formatuen aldetik- bateragarriak dira.

160 egileren lanak.

 

KRISTALEZKO ETA ALTZAIRUZKO KANTUA

Bartzelona, 2003ko apirila, asteazken gauak. Collserolatik itsasora, kristalez eta altzairuz osatutako abesti bat kaleetan barrena hedatu da. Hiri osoko bazter guztiek eragin eta jasotzen dute zarata. Soinua hormetan islatzen da, zabaltzen, eta gure zentzuek airea zeharkatzen dute: Denon artean helburu bakarra lortzeko desira suma daiteke. Beharrezkoa, zuzena eta atzeraezina da eta azaleko buruzagitzarik edo lidergorik gabe lortu beharrekoa. Ez da foku bakar bat. Ez dago bestea baino garrantzitsuagoa den talderik. Hiriko leiho bakoitza da fokua eta besteek adina balio du. Zer entzuten den entzulearen kokapenaren arabera aldatzen da.
Demokrazia ez da inorena eta denona da; soinua bezala, hizkera bezala. Zerbait esateko beharra daukatenena da eta halako beharrik ez dutenena ere bai. Gerraren aurka ez dago gauza handirik esateko, esatea baldin bada gizakiok gizartearen aurrean geure lekua aldarrikatzeko eta lagun hurkoarengan eraginik izateko erabiltzen dugun mekanismoa. Ordea, esatea edo mintzatzea, alegia, komunikatzea, zentzua trukatzea, eztabaidatzea, sortzea, denon artean konponbidea topatzeko bidea bada, oraindik asko dago egiteke, orduko hartan gertatu zena ez baitzen nahikoa izan. Hori baino askoz gehiago behar izango zen gerra hura erabat gelditzeko.
1914.eko gerraren aurkako kanpainan ere gisako jarreren arrastoak aurki ditzazkegu. Orduan, Russellek diskurtso bakezaleei eduki sinbolikoa zuten ekintzak gehitzeko beharra aldarrikatu zuen. Bere jarreraren erakusgarri, desobedientzia eta asaldura konprometitua bultzatu zituen protesta gisara. Gandhik, berriz, borondate mugiezinaren iraunkortasunaren ezinbesteko funtzioa erakutsi zuen. Biek, Russellek eta Gandhik arrisku pertsonalak hartzea aukeratu zuten. Beharbada, beraien ideien bizitzak, beraien bizitza bera baino askoz balio handiagoa zutela ulertuko zuten? Oso gutxik jarri dute beren burua arriskuan azkeneko gerra hau ekiditeko. Agintari askok ez dute parte hartu nahi ere izan protestetan, beraientzat gehiegizkoa eta haundiegia den irmotasuna eskatzen duen gaia delako, ohiko kultu pertsonalen eta errentagarritasun politikoaren zerbitzura dauden posizio erretorikoak utzita. Eta araberakoak izan dira haien agerpen publiko gehienak: Batzuk, grisak, eduki berririk eta irudimenik gabekoak; beste batzuk aski oportunistak, hitz hutsalez eta garrantzirik gabeko teknizismoz beteak. Gainera hauetatik gehiegi izan dira, espezie bezala bereizten gaituen eta berezkoa dugun etikan –afera honetan axola duen kontu bakarrean- errotu gabeko argudiekin egindako adierazpenak. Edonork adierazi dezake iritzi emaile ofizialek beren ohiko komunikabideetatik zabaldu duten mezu berbera. Eta makineria mediatikoak etengabe ustezko jakinduria edo intelijentzia erakusteko itxura duten kontu berriak eskatzen dituenez, ez da inolako oinarrizko eztabaidarik sortu, eta aldiz, beharbada pertsona jakin batzuen edo talde batzuen protagonismo mailari eusteko edo hauei sona handiagoa emateko ekimen gehiegiren testigu izan gara.
CD honek kristalez eta altzairuz sortutako abesti bat biltzen du, ezin ederragoa, espazio eta leiho irekiekin, eltzez eta inprobisatutako edozein perkusio-tresnaz baliaturik kaleak eta plazak bete zituzten jendeekin egindako kantua. Suminduraz eta ezintasunez betetako abestia da. Ezinegona ere erakusten du, gerraren hurbiltasunarengatik eta honek ezinbestean eragiten dituen heriotzengatik. Beharbada, ageriko zama hori dela eta, batenbatek ez du gerra bezalako basatikeria baten aurrean, gizaki errugabeen –defentsarik gabekoen eta ihes egiteko modurik izan ez zutenen- heriotz saihesgarriaren bidegabekeria salatzeko sortutako herri sentimenduen soinu-erakusgarri hauek gordetzen duten edertasuna ulertuko.
Baina soinua, diskurtso baten mezulari izan ala ez, beti egongo da zentzuz beterik, edertasunez gainezka.

 

 

SOINU MAPA egitasmoaren aurkezpena
maiatzaren 25a osteguna, 19:00etan


SOINU MAPA elkarlanera eskainitako egitasmoa da. Fonografia edo gure inguruko hotsak grabatzeko artea oinarritzat hartuz landa grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatu nahi ditu. Hain zuzen, orain aurkezten dugun webgune-mapa honetan euskal herrian zehar egindako hainbat grabaketa kontsultatu eta entzun daitezke, toki bakoitzaren soinu errealitateari buruz pista gehiago ematen dituztenak.
2001. urtean Luz Maria Sanchez mexikarrak euskal herrian egindako grabaketei bizi berria emateko egitasmoa da SOINU MAPA . Orduan, mexikoko artista honek, Artelekun egindako egonaldia aprobetxatuz, euskal herriko geografian zehar egindako hainbertze landa-grabaketa jaso zituen, Tuterarik Baionara, eta Bilbaotik Gasteizera.
Grabazio hauek Artelekuko artxibategian izan dira orain arte, norbaitek, Luz Mariak utzitako dokumentazioan zioen bezala, hartu eta nahi duenerako erabiltzeko prest.
Bost urte beranduago Audiolab-ek grabaketa guzti hauei behar bezalako atentzioa eta balioa emateko asmoz SOINU MAPA sortu du.
Edonork parte har dezaken egitasmoa da SOINU MAPA, irekia eta publikoa baita bere eginkizuna, hortaz norberak egindako grabaketekin parte hartzera gonbidatzen zaitugu.
SOINU MAPA Audiolab Artelekuk sortutako proiektua da, Luz Maria Sanchez eta Enrike Hurtadoren (IXI SOFTWARE) laguntzarekin.
Aurkezpen honetan, ZEPPELIN 2006 jaialdiaren ekitaldien barruan Orquesta del Caos-eko Carlos Gómezek emandako tailerraren emaitza gisara eta Euskal Herriko soinu mapa honentzako ekarpen moduan, Andoaingo soinu paisaiaren inguruan egindako lana aurkeztuko da.